2. Familiara hurbilketa hirukoitza, laguntza emateko politikei dagokienez
Euskadin familiei laguntzeko politika publikoen egoera zein den ahalik eta ondoen ezagutzeko ikuspegira gerturatzeko aukera emango diguten zenbait datu eta elementu aztertzen hasi aurretik, beharrezkoa da labur-labur aztertzea zer ulertzen dugun familiatzat eta haren funtzio eta ezaugarritzat, politika hauen diseinua eta artikulazioa ulertu ahal izateko.
Familia kontzeptua oso zabala, anitza eta interpretazio askotara lotuta dagoenez, soziologiak, zuzenbideak eta estatistikak eman diezazkigukeen tresnetara jo dugu, diziplina horientzat familiaren ezaugarria eta funtzio nagusiak zein diren jakiteko asmoz. Hainbat diziplinetako ikuspegiaren esparru kontzeptual horrek aukera emango digu, gainera, familiei laguntza emateko politika publikoen irismena zein izan behar den mugatzeko.
Ikuspegi soziologikoa, juridikoa eta estatistikoa batzen dituen azterketak garrantzi handia du, jarduera publikoaren neurri zehatzak garatzeko oinarria baita, familiari lotutako dimentsioak modu osagarrian jorratuz eta gizarte-erakunde honi hurbilketa osoagoa egiteko aukera emanez.
Hurbilketa soziologikoa
Rodríguez Fernándezek (2012) dioen moduan, familia “oinarrizko lehen mailako gizarte-sarea da bizitzaren edozein fasetan” eta, beraz, erakunde aldakorra da eta, hurrengo kapituluan ikusiko den moduan, funtzioak eta ezaugarriak gure gizartea lotuta dagoen garrantzi handiko egitura-aldaketen islan aldatuz egiten du aurrera.
Dinamika aldakor hori Fantovak (2004) aipatu du. Harentzat familia ez da elementu estatistikotzat jo behar da, “(familia egiteko) prozesutzat baizik, alegia, inguruarekin harremanetan egoteaz gain (funtzioak sistema zabalago batean), bizitzak, berariazko dinamikak, barne hartu behar duen ekintza eta harreman multzo gisa”.
Horregatik, ez dago familia tipologia bakar bat eta horren inguruan egiten dugun kontzeptualizazioak gehiago dauka zerikusia partekatutako hezkuntza– eta bizikidetza-balio eta esleitutako funtzio batzuekin, horren formatu edo tamainarekin baino. Hala, Donatik (2003) horri buruz hitz egiterakoan zera dio: “oso sistema konplexua, desberdindutakoa eta muga aldakorrak dituena; giza banakoa pertsona gisa egituratzeko oinarrizkoa den berariazko bizi-esperientzia hori egiten da bertan”.
Hau da, familia morfologian anitza izan daitekeen kontzeptua da, baina Eusko Jaurlaritzako Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko III. Plana (2011a) izenekoan jasota dagoen moduan, ados dago “pertsonen lehen mailako harremanak erraztu, harreman pertsonalak ahalbidetu, dimentsio afektibo eta emozionalari euskarria eman, jokabideari lotutako urratsak helarazi, kideak gizarteratzeko hezi eta prestatzeko” egitekoarekin.
Historikoki familiak “haren kideen biziraupena eta ongizatea antolatzeko” zeregina izan du, Reherek (1996) esan duen moduan eginkizun horietako batzuk pixkanaka-pixkanaka estatuari helarazi bazaizkio ere (neurri batean zeregin hori betetzen jarraitu arren bertako kideei gizarte– eta lan-arloko sareen bidez lagunduz, norberaren bizi-proiektuari ekiteko kapitalizazio ekonomiko nahikoa sortuz).
Salustiano del Campo, Gerardo Meil edo Lluís Flaquer bezalako egileek sakon jorratu dute ideia hori, familia-egitekoen aldaketa bistaratuz –horren bidez ezgaitasunen bat duten edo mendetasun egoeran dauden pertsonen zaintzari lotutako funtzioak ongizate-estatuaren egitura publikora transferitu dira–.
Estatuak familia-funtzioak gain hartzeari dagokionez –txosten honen ondorengo kapituluetan ikusiko den moduan–, desberdintasun handiak daude zenbait familia-politika ereduren artean, sistema batzuk gehiago babesten baitute familia eta beste batzuk, aldiz, ez horrenbeste.
Ekar dezagun gogora familia babesten duten erregimenak honako hauek direla: “politika publikoek ulertzen dute (…) familiek hartu behar dutela gain haien kideen ongizatea asetzeko erantzukizun nagusia” (Esping-Andersen, 1999) eta horietan “erabateko konfiantza dago familian, belaunaldi arteko elkartasunean eta genero-egituran, lan eta laguntza zerbitzuen hornitzaile gisa eta sarrerei laguntzeko neurri desegokien integratzaile gisa” (Saraceno, 1995). Familia babesten ez duten politikak, ordea, dira “familiaren banako mendetasuna murrizten dutenak eta familia– edo ezkon-elkarrekikotasuna alde batera utzita norbanakoaren baliabide ekonomikoen eskuragarritasuna maximizatzen dutenak” (Esping-Andersen, 1999) eta, beraz, funtzioen transferentzia handiagoa ezartzen da, hain zuzen familiatik estatura.
Dena den, ia kasu gehienetan, –ohikoagoa bada ere orientazio familista duten herrialdeetan– ez da lortu oraindik familia jakin batzuek “berariazko familia-politika batzuk izan ditzaten (…), zerbitzuei eta prestazio ekonomikoei dagokienez” (Obiol, 2003), kopurua dela-eta gutxiengo ereduak izateagatik edo berriki eratu diren familia-ereduak izatearen ondotik arauz oraindik erregulatu ez direlako. Hori izango da azterlan honen alderdi nagusietako ba. Gomendioen atalean eskaera mota horien berri emango da.
Edozelan ere, ongizate-estatuak tradiziozko funtzio batzuk gain hartzeak ez du esan nahi erakundea krisian dagoenik (gizartean gehien baloratutako erakundeetako bat izaten jarraitzen du1), funtzionaltasunaren gaineko aldaketa-egoeran baizik, familiak bakarrik eman ditzakeen zeregin horiek indartuz eta horiek jorratuz.
Baina, zeintzuk dira familiaren funtzio esklusibo horiek? Herrerak (1998) familia “gizarte–, harreman–” zerbitzuak edo ondasunak ematen dituen rolarekin lotzen du eta Del Campok (2004), aldiz, dio familia “egun berezko funtzio gutxi dituen erakunde espezializatua bihurtu dela eta askotan afektu eta gizarte-eragilearen egoitza izatearekin lotzen dela”.
Funtzio horiek ezin dira beste gizarte-sistema batzuek emandako ondasunekin ordezkatu eta hori da hain zuzen familia desberdintzen duen elementuetako bat, gure gizarte-sistema egituratzeko beste erakunde batzuekin alderatuz gero.
Elementu hori gakoa da, familiako funtzioak ahalmen propio eta esklusibo batzuekin lotzen baititu. Familiak bakarrik eman ditzake maitasun–, hezkuntza– eta harreman-zerbitzu jakin batzuk eta gauzak horrela, ondorioz, estatuaren egitekoa da horiek ematen jarrai dezala bermatzea, neurri zehatzei babesa emanez.
Nolanahi ere, eta sozializazio eta afektu funtzioaren garrantziagatik agian, gizarte-babesa familia-erakundetik ongizate-estatura kanporatu arren eta gure egungo egoeran familien rol afektiboaren eta emozionalaren zentraltasuna gorabehera, Flaquer (1995), Durán (2000) eta Navarroren (2001) ikerketek diote familiak direla haien kideei gizarte-ongizatea eta oinarrizko euskarria ematen dietenak, batez ere, familia arteko elkartasunaren, balioen transmisioaren, hezkuntzaren, enpleguaren arloan, baita adinekoak edota ezgaitasunen bat duten pertsonak zaindu eta horiei arreta ematerakoan ere. Hala, ondorioz, familiaren eta estatuaren funtzioa osagarria da.
Hurbilketa juridikoa
Ikuspegi soziologikoak familia motei atxikitako funtzio komunak identifikatu eta mugatzeko oinarriak ezartzeko aukera eman badigu, ikuspegi juridikoak aukera emango digu jakiteko nork jasoko dituen familiei laguntza emateko politika publikoak oinarri hartuta sortutako babes-neurriak.
Funtsezko ikuspegia da, onartuta eta araututa dauden familia-eredu horiek bakarrik jasoko baitituzte prestazio publikoak haien zereginen garapena bermatzeko. Hortaz, zenbait ikuspegi juridikok eskubideak (edo eskubiderik eza) sortuko dituzte familia-eredu batzuetan eta, beraz, oso-oso garrantzitsua da esparru juridikoa gizarte-aldaketekin batera eta azkar garatzea, aurreko atalean ikusi dugun moduan.
Egun –aurrerago ikusiko dugunez– tradiziozko familiaren zentraltasuna galdu duten familia-eredu asko ditugu eta beste familia-mota batzuk gehitu dira, adibidez, guraso bakarreko familiak, sexu bereko gurasoak, banandutakoak, haurrak adoptatzen dituztenak edo berreraikitakoak.
Etengabean aldatzeak eta familia-antolamenduaren inguruko gizarte-aniztasuna handitzeak zailtasunak sortzen ditu zuzenbidean modu progresiboan arautzeko eta, zuzenbidea gizarte-egoera berrietara egokitzen bada (behintzat neurri batean, txosten honen hirugarren kapituluan ikusiko den moduan), familia-mota batzuk, berriki sortu direlako edo demografian zama txikia dutelako, ez dira guztiz arautu edo berariazko neurriak behar dituzte haien erabateko berdintasuna bermatzeko haien funtzioak betetzen laguntzeko baliabide publikoak eskuratzerakoan.
Hala, familia-mota berri batek, Flaquerrek (2000) dioen moduan “egoera deserosoren bat sortzen badu (familiei laguntza emateko politika publikoetan), segur aski izango da gaur egungo gizarteetan egindako adierazpen berrien katalizatzailea edo adierazlea delako”.
Dena dela, oro har, aurrerapen erregulatzailea argia da zuzenbide zibilaren eta zuzenbide publikoaren ikuspegitik.
Alde batetik, pertsona pribatuen arteko pertsona– edo ondare-harremanak arautzen dituen eta, beraz, juridikoki kontzeptuak (adibidez, estatu zibila edo seme-alabatasuna) mugatzen dituen zuzenbide zibilean funtsezko aurrerapenak jazo dira azken urteotan; besteak beste, ezkontza, dibortzioa edo izatezko bikoteen elkartzeak kategoriak garatu dira (eragin handia izan dutenak familia-eredu berrietan).
Adibidez, seme-alabatasunari dagokionez, seme-alabatasunaren, guraso-ahalaren eta senar-emazteen araubide ekonomiaren inguruan Kode Zibila aldatzen duen maiatzaren 13ko 11/1981 Legeak onartzen du bi pertsonen arteko lotura juridikoa, bata bestearen beheranzkoa denean jazo daitekeela modu naturalean edo adopzioaren bidez eta, hala, eskubideak zabaltzeko eta familia adoptatzaileentzako babes juridiko handiagorako atea irekitzen da.
Horrez gain, oso garrantzitsuak dira –gaia antzekoa izateagatik– izatezko bikoteen gaineko erregulazio autonomikoak, baita, beste kontu batzuei helduz, ezkontzeko eskubidearen arloan Kode Zibila aldatzen duen uztailaren 1eko 13/2005 Legea. Izan ere, legezko bi gorputzek erabateko aldaketa ekarri zuten, alde batetik, ezkontzaren bidez arautu gabeko de facto elkartzeen eskubideetan (heterosexualak edo homosexualak) eta, bestetik –bigarren kasuan–, sexu bereko bikoteenetan (ezkontzetarako estatutu juridikoa eskuratzeko aukera zabaldu zitzaien horiei).
Familia-egituren gizarte-bilakaerara arauz egokitzeko egindako beste adierazgarri bat familia ugarien legeetan bideratutako ondoz ondoko erreformak dira, hain zuzen, familia ugariak babesten dituen egungo azaroaren 18ko 40/2003 Legera iritsi arte. Lege horrek familia ugaria zer den xedatzen du, bertan aipatu erregulazioan ebatzi gabeko edo aldaketa berrien komenigarritasuna mahai gainean jartzen duten hobe daitezkeen alderdiak egoten jarraitzen badu ere.
Halaber, sustapen neurrien erregulazioa, zerbitzu publikoen ematea eta familiei babeserako baliabide publikoak ematea abian jartzea barne hartzen dituen zuzenbide publikoan ere aurrerapausoak eman dira, bateratzeko laguntza ekonomikoak sortzeko neurriak, seme-alabengatiko laguntzak, estatuko edo, hala badagokio, autonomietako laguntzak, gizarte laguntzak edo kotizaziorik gabekoak artikulatuz, baita zerga neurriak ere. Bitarteko horiek guztiak funtsezkoak dira familien funtzioei laguntza ematerakoan (4. kapituluan arretaz jorratuko dira).
Hala ere, EAEren esparruan, familiei laguntza ematen dien abenduaren 12ko 13/2008 Legea da eta horren ondorengo legegintzako garapena (adibidez, bateratzeko laguntzen inguruko ondoz-ondoko erregulazioekin) EAEko familien egoerara hurbiltzen gaituena eta aurrerapen handia eman dezakeena. Lehenengo eta behin, ez duelako familia terminoaren gainean singularren hitz egiten –alegia, erakunde bakar eta uniforme gisa–. Egoera hori era askotara jorratzen du, hainbat familia-motari buruz ari da eredu batzuk izendatzeko (horiei jarraiki antolatu dira giza taldeak historikoki). Horrez gain, soziologia modernoak familiari esleitzen dizkion ezaugarri eta funtzionaltasun asko biltzen dituen familia-kontzeptua barne hartzen duen legea delako, bai barne morfologiari dagokionez, bai funtzioei eta ongizate-estatuaren barruan horien banaketari dagokienez. Hala:
Legearen arabera familia da: “ezkontzaren bidez edo ezkontideen antzekoa den harreman baten bidez edo seme-alabatasunaren edo beste ahaidetasun batez bidez lotuta dauden bi pertsona edo gehiagoren bizikidetza-taldea”. Horrez gain, dio “tutoretza eta harrera seme-alabatasunaren harremanarekin parekatu ahal izango dira, laguntzaren izaeraren arabera eta kasuan kasuko araudi erregulatzailearekin bat etorriz”.
Legeak, gainera, xedatzen du –lehen adierazitako hainbat egilek bezala– familien funtzioa dela euskarri afektiboa, materiala eta gizarte-eragile izatea, pertsonak osotasun fisiko, emozional eta intelektuala edukita gara daitezen.
Halaber, legeak ezartzen du familiek gizarte-babeserako eta baliabide publikoetarako sistemekin harreman zuzena eduki behar dutela gizarte zerbitzuen, osasunaren, hezkuntzaren, justiziaren, etab. esparruetako zenbait zerbitzu eta prestazioren bitartez.
Horrek guztiak aukera ematen digu ondorioztatzeko, esparru juridikoaren bidez eta bereziki familiei laguntza emateko politika zehatzak diseinatuz eta artikulatuz, herri-administrazioa aurrerapausoak ematen ari dela “familiek betetzen dituzten zereginen gizarte-errentagarritasunaren” onarpenean (Meil, 1992), familiei laguntzeko esku-hartze publikoaren legitimazio gisa. Horrek eragin handiagoa edo txikiagoa izango du araudiaren arabera, baita horietatik familientzat bideratuko diren neurri zehatzen arabera ere. Alderdi horiek 3. eta 4. kapituluan jorratuko dira hurrenez hurren.
Hurbilketa estatistikoa
Estatistika oso tresna baliagarria da familien egoerara hurbiltzeko eta, hori oinarri hartuta, aipatu familiei laguntzeko politiken behar bezalako konfigurazioa mahaigaineratzeko. Ildo horretan, estatistikak, besteak beste, familia-ereduei, bilakaerari, garrantzi demografikoari eta egoera sozioekonomikoari buruzko informazio eguneratua ematen digu. Horretarako, estatistika gizarte-antolamendu moduen aniztasunera egokitu behar da –familia nuklearrak, guraso bakarreko familiak, kide bakarrekoak, berreraikitakoak, sexu bereko edo desberdineko pertsonek osatutakoak– eta, hala, gizarte-egoera ahalik eta modu fede-emailean erregistra daiteke.
Oso lotuta dago soziologiarekin, baita arauzko ikuspegiarekin ere. Izan ere, sailkapenak eta adierazleak estatistika-sailkapenei bakarrik gehitzen zaizkie, gizarte– eta lege-mailan onartzen baitira, aurreko bi ikuspegietan adierazi den moduan. Beraz, esan genezake estatistikak ez duela bakarrik gizarte-aldaketa islatzen, azken horren isla baita.
Familia-moten hainbat sailkapen daude, sailkapenerako irizpide ohikoenetako bat familia-nukleoa egon edo ez egotearen arabera zenbait tipologia ezartzen dituena bada ere, eta hori bat dator ahaidetasun lotura estuenetara mugatutako familiaren ikusmolde modernoarekin (aita/ama eta seme-alaba harremanak).
Lotura kopuruaren arabera, familiek nukleo bat edo batzuk izan ditzakete eta, hala, familia nuklearra, guraso bakarreko familia (ama edo aitak seme-alabekin osatutako familia-nukleoa), handitutako familia (edozein motatako familia-nukleoa eta ahaidetutako pertsona batekin edo gehiagorekin bizi dena) eta familia polinuklearrak (bi familia-nukleo edo gehiago) ditugu. Horrez gain, familiatzat jotzen dira (autore askok ez bezala) nukleorik ez duten horiek (pertsona bakarrekoak).
EAEn EUSTAT arduratzen da familiak zenbatzeaz biztanleen eta etxebizitzen erroldaren bidez, baita inkesta demografikoa egiteaz ere. Organismo horrek emandako definizioa kontuan hartuta, familia da “oro har ahaidetasun-harremanagatik, dela odolezkoa edo politikoa (maila alde batera utzita), lotuta dauden pertsonak, elkarrekin bizi direnak eta etxebizitza bat osorik okupatzen dutenak” (EUSTAT, 2012a).
EUSTATekin batera, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikarako Sailak etxebizitzetako inkesta (2004) egin du. Horrek tamainaren eta osaeraren arabera etxebizitzen eta familia-unitateen sailkapenari buruzko oinarrizko informazioa eman du eta etxea eta familia termino berdintsuak direla ondorioztatu du.
(9. taula) . Familia eta etxearen sailkapena tresnaren arabera
BIZTANLEEN ETA ETXEBIZITZEN ERROLDA | ETXEBIZITZETAKO INKESTA |
Pertsona bakarreko familia: pertsona bakarra da eta ez du nukleorik | Pertsona batek osatutako etxea: pertsona batek osatutakoa |
Osatutako familia: ez du familia-nukleorik eta ahaidetuta dauden edo ahaidetasunik ez duten bi pertsona edo gehiagok osatzen dute | Familiakoak ez diren pertsona anitzeko etxea: ahaidetasunik ez duten bi pertsona edo gehiagok osatutakoa Nukleorik ez duen familia-etxea: ahaidetasuna duten bi pertsona edo gehiago, baina seme-alabatasun– edo ezkon-harremanik gabe |
Seme-alabarik ez duen familia-nukleoa: seme-alabarik ez duen bikote batek osatutako familia-nukleoa | Guraso izan aurretiko ezkon-etxea: seme-alabak jaio aurretik bikoteak osatutako familia-nukleoa bakarrik Guraso izan osteko ezkon-etxea: seme-alabak dituen bikoteak osatutako familia-nukleoa, elkarrekin bizi ez dena seme-alabak emantzipatu egin baitira |
Seme-alabak dituen famila-nukleoa: seme-alabak dituen bikote batek osatutako familia-nukleoa | Gurasoen ezkon-etxea: mendeko seme-alabak dituen baina elkarrekin bizi ez diren bikote harremanean sortutako familia-nukleoa |
Guraso bakarreko familia: seme-alabak dituen aita edo ama batek osatutako familia-nukleoa | Guraso bakarreko etxea + ezkon osteko etxea: bikotekide bat hiltzearen ondorioz edo dibortzio baten ostean seme-alabak dituen eta elkarrekin bizi den familia-nukleoa Ezkon-etxea ez dena: guraso bakarreko familia-nukleoa (ez bikotekideetako bat hil delako edo dibortziatu izanagatik), seme-alabekin bizi dena (mendetasuna izanda edo izan gabe) |
Handitutako familia: Edozein motatako familia-nukleoa, ahaidetasuna duen pertsona bat edo gehiagorekin biziz | Aurreko hiruretan gehi daiteke |
Familia polinuklearra: bi familia-nukleo edo gehiago | Etxe polinuklearra: bi nukleo edo gehiagok etxea partekatzen dutenean |
Iturria: EUSTAT (2012a).
Ikus daitekeen moduan, ahaidetasun loturak, bizitza partekatu edo elkarrekin bizitzea eta etxebizitza okupatzea familia terminoa xedatzeko kontuan hartzen diren hiru alderdi garrantzitsu dira, EAEren esparru autonomikoan erabilitako estatistikaren ikuspegitik.
Halaber, ikus daiteke estatu– eta autonomia-mailako hainbat estatistika-iturrik2 familiari zuzenean edo zeharka eragiten dioten dimentsio berriak gehitu dituztela informazioa bildu ostean. Hala, beharrezkoa da informazioa bildu eta aintzat hartzea ez bakarrik familien egoeraren, haien premien eta azterketa ebolutiboen premien berri edukitzeko; funtsezkoak baitira bitarteko, politika eta zerbitzu publiko egokiak eta eraginkorrak artikulatzerakoan. Horrela, esan dezakegu EAEn euskal familien egoera zenbatu eta azaltzen duten 135 adierazle daudela guztira, funtsezko azterketaren hainbat dimentsio gehitzen dituzten sei esparru oinarri hartuta:
Demografia: ezkontza, banantze eta ugalkortasun eta jaiotza-tasari lotutako adierazleak hartzen ditu barne.
Familia-sistema: familiaren osaera eta kopuruari (pertsona batek osatutakoa, guraso bakarrekoa), seme-alabak, adinekoak eta mendeko pertsonak dituzten familiei buruzko informazioa. Azterlanerako intereseko taldetzat edo erreferentziatzat jo diren taldeak.
Egoera sozioekonomikoa: familiaren inguruko informazioa ematen diguten adierazleak biltzen dira, euskal familietako jarduerari, errenta-mailei, pobrezia-arriskuari eta emantzipatzeko zailtasunei dagokienez.
Etxebizitza-ingurua eta ingurumena: etxebizitzari, ekipamenduei, etab. buruzko datuak ematen dira.
Familia-harremanak, -zaintzak eta beste funtzio batzuk: zereginak eta denbora banatzeko, mendeko pertsonak dituzten familiak eta horiek zaintzeko eman beharreko denbora bateratzeko zailtasunei buruzko informazioa jorratzen duten datuak biltzen dira.
Babeserako sistema: zerbitzu eta zentroetako familia-erabiltzaileak, zenbat adingaberen zaintza eta tutoretza eta zenbat familia-harrera bideratu diren eta familiaren inguruko gastu publikoa.
Adierazle horiek ezinbestekoak dira familien bilakaera aztertu ahal izateko –hurrengo kapituluan ikusiko den moduan– eta azterlanaren ikuspegia nabarmen handitzeko aukera ematen dute, politika publikoak diseinatzeko oinarrizko gurutzatze sozioekonomikoak ezartzerakoan, kontuan hartzen baitituzte zenbait elementu (etxebizitza, gizarte-babesa, zabaldutako familia-harremanak edo familia, lanbidea eta bizitza pertsonala batzea). Hori bai, baliagarriak izango dira datuen bilketa eta azterketa aldian-aldian eta behar bezala eguneratuta egiten bada. Izan ere, oso datu zaharkituak erabiltzen badira, azterketek indarra galduko dute edo ez dira izango behar bezain zehatzak. Egoera horrek, hau da, datuak eguneratuta ez edukitzeak, zenbait herri-administraziok haien artean konpara ezin daitezkeen metodologiak erabiltzearekin batera, asko zailtzen dute aipatu azterketa, txosten honetan agerian geratu den moduan.
1Arartekoa (2009).
2Eusko Jaurlaritza (2012a).